Aitortu behar dut orain arte pentsatu izan dudala Wilhelm von Humboldt (1767-1835) izan zela euskararekin (eta, beraz, Euskal Herriarekin) arduratu zen lehen pentsalari europarra, eta haren anparoan eta jarraigoan hasi zela gure herri eta hizkuntzarekiko nolabaiteko ardura Aturri ibaiaz haraindi. Baina oker nengoen, Josu M. Zulaikaren artikulua irakurtzean konturatu naiz oker nengoela guztiz: euskararekiko ardura ehun urte behintzat aurrera daiteke, eta europar filologo taldetxo txiki baina esanguratsu bat dago horretan inplikatua.
Egia da euskararekin interesatutako lehen-lehen filologo europarra, dakigunagatik, Lucio Marineo Siculo (1460-1533) izan zela, XVI. mendearen lehen herenean euskarazko hitz zerrenda bat argitaratu zuelarik, baina hortik aurrera euskararekin interesatutakoen artean nekez aurkitzen da Europan ezaguna den pentsalaririk Humboldt agertu arte. Orain, berriz, neuk behintzat Zulaikari esker, badugu beste katemaila bat: Gottfried Wilhelm von Leibniz (1646-1716).