Gaur, ekainaren 28an, Helduen euskalduntzea eta etorkinak Ipar Euskal Herrian - L' enseignement du basque aux adultes natifs et non natifs en Pays Basque Nord liburua aurkeztu du Euskaltzaindiak, Baionan. Erramun Baxok ohorezko euskaltzaina eta Jean-Baptiste Coyos euskaltzain urgazlea dira liburuaren egileak eta Ipar Euskal Herriko AEKren laguntzaz burutu dute lana, erakunde horrek bere ikasleen 1995-96, 2002-03 eta 2008-09 ikaskurteetako matrikulazio-fitxak Euskaltzaindiaren eskuetan jarri baititu. Horietan oinarritzen da Baxokek eta Coyosek burututako lana. Liburua "Jagon" sailaren 9. zenbakia da eta Euskararen Erakunde Publikoaren babesaz argitaratu da. Euskaraz eta frantsesez dago.
Erramun Baxok eta Jean-Baptixte Coyos mintzatu dira gaurko aurkezpenean. Euren ondoan, Andres Iñigo Jagon sailburua eta Jakes Bortayrou Iparraldeko AEKko koordinatzailea izan dira, biek Baxokek eta Coyosek egindako lanaren garrantzia azpimarratu dutelarik.
Ikerketa hau Euskaltzaindiaren Sustapen batzordearen baitan bideratu izan da. Izan ere, 2009ko azaroan, batzorde horrek antolatuak, Euskaltzaindiak bere XIV. Jagon Jardunaldiak egin zituen "Etorkinak eta euskara" izenburupean. Jardunaldi horietan, Erramun Baxokek eta Jean-Baptiste Coyosek "Helduen euskalduntzea eta etorkinak Ipar Euskal Herrian - AEKko ikaslegoaren azterketa" izeneko hitzaldia eman zuten. Orain, aurkezten den liburu honetan, gaia zehaztasun osoz azaltzen dute egileek.
Fitxa teknikoa:
- Hiru ikasturte kontuan hartuak: 1995-1996, 2002-2003 eta 2008-2009.
- 2.607 fitxa orotara: 835 (1995-1996), 893 (2002-2003), 879 (2008-2009).
- 16 galdera orotara (datu pertsonalei buruzkoak kontuan ez hartuak): 5 aukera itxiko, bi aukera anitzeko eta 1 idekia.
Helburuak:
Emaitza nagusiak:
Laburbilduz hona emaitza nagusienak:
-
Herrikoak etorkinak baino gehiago dira AEK-n, baina diferentzia tipitzen da. 2008-2009an herrikoak %52 dira eta etorkinak %48. Emazteak gizonak baino gehiago dira, %53 versus %47, eta herrikoetan are gehiago.
- Ikasleak gero eta zaharragoak dira, baina herrikoak etorkinak baino gazteagoak dira.
-
Lanean ari dira gehienak (%67) eta langile gehiago bada herriko ikasleetan (%71) ezinez eta etorkinetan (%62). Erretretan direnak gero eta gehiago dira bi multzoetan.
-
Etorkinen ikasketa-maila herrikoena baino gorago da. Unibertsitateko ikasketak egin dituztenak %52 dira, herrikoak %40.
-
Hizkuntza gaitasunari begira eta euskara kontuan hartu gabe, gehiengo handia elebiduna edo eleanitza da: herrikoetan %61, etorkinetan %71. Hizkuntzak bereiziz frantsesdun elebakarren multzoa da multzorik handiena da, herrikoetan (%39), bai eta ere etorkinetan (%29). Gaztelania eta ingelesa dira beste hizkuntza mintzatuenak. Gaztelaniadun gehiago bada herritarretan eta ingelesdun gehiago etorkinetan.
-
Familia euskaldunak, erdaldunak eta elebidunak hein berean daude, herenaren heinean. Ikasleen lankideek euskara ez dute ezagutzen edo gutxik : "nehork" eta "batzuek" dakiten lankidegoak gehituz, herriko ikasleen %82 lortzen da eta etorkinen %83. Emaitzak berdintsuak dira lagunarteetan.
-
Herritarrentzat motibazio nagusiak dira euskaldunen arteko komunikazioa (%29), nortasunaren adierazpena (%22) eta euskal kultura bereganatzea (%16). Etorkinen motibazio nagusiak dira euskaldunekin komunikatzea (%25) ere bai, ondotik euskal kulturaren jabekuntza (%22) eta integrazioa (%18). Bi jatorri multzoentzat motibazio ahulena euskara lanerako da (%5) eta (%4).
-
Motibazioak sailkatuz arrakastaren arabera, nortasunari buruzko motibazioak dira hautatuenak (kultura, integrazioa, sustraiak): %47. Gutiago motibazio praktikoak (komunikazioa, haurren euskalduntzea, lanerako): %37. Motibazio intelektualak dira ahulenak (hizkuntzei buruzko interesa eta beste): %16. Ordena bera herrikoetan eta etorkinetan, halere etorkinak praktikoago eta herritasun gehiago herrikoetan.
-
"Adiskidekin mintzatu nahi dut sinpleki" da helburu hautatuena herrikoentzat (%54) eta etorkinentzat (%61). Bigarrena "euskaraz frantsesez bezain ontsa mintzatu nahi dut" da herrikoentzat (%45) baina hirugarrena etorkinentzat (%35). Azken helburua « lanbide bat euskararen bidez eskuratu nahi dut » da bi multzoentzat.
-
Oro har iduri luke etorkinek oinarrizko komunikazioa lortu nahiko luketela, herrikoek aldiz komunikazio-gaitasun handiagoa bilatuko lukete.
-
Era orokorrean AEKko ikasle helduak Ipar Euskal Herriko biztanleriaren maraila dira gutxi gorabehera, nola ezaugarri soziolinguistikoetan, hala euskarari buruzko motibazioetan.
Erramun Baxokek eta Jean-Baptiste Coyosek aurkezpenean erakutsi duten materiala 464,20 Kb
Liburua eskuratzeko sakatu hemen