Atzo, ekainaren 16an, Euskaltzaindiaren Donostiako ordezkaritzan, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Noticias de Gipuzkoa egunkariak eta Akademiak. Noticias de Gipuzkoaren izenean, Arantzazu Zugasti zuzendariak sinatu zuen, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eurekin batera, Andoni Sagarna Euskaltzaindiaren Iker sailburu eta Gipuzkoako ordezkaria izan zen.
Hitzarmen horren ondorioz, besteren artean, Noticias de Gipuzkoa egunkariak 2005. urtetik hona ekoiztu duen euskarazko testu-masa osoa Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko du, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan.
Atzo sinatutako hitzarmenak bi erakundeen arteko elkarlana sendotzea du helburu, bereziki euskararen normalizazioari buruzko proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarritako arauak zabaltzeko euren barnean zabaltzeko eta komunikabideen bidez egoki plazaratzeko.
Hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:
- Noticias de Gipuzkoa egunkariak eta Euskaltzaindiak elkarri bere ikerketa-ondareak erabiltzeko aukera emango diote eta, bereziki, euren artxibategi eta bibliotekak erabiltzeko aukera.
- Euskaltzaindiak erantzuna emango die Noticias de Gipuzkoak egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, onomastikari -batez ere toponimia alorrean- ortografiari eta, oro har, euskararen araugintzaren beste zenbait gairi buruzkoak direnean.
- Argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira.
- Noticias de Gipuzkoa egunkariak 2005. urtetik hona ekoiztu dituen euskarazko testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan. Egitasmo hori UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatzen ari da Akademia.