Aurtengo Bilboko Liburu Azokaren sari nagusia, Urrezko Luma, Euskaltzaindiak jaso du gaur, Bilboko Areatzan egindako ekitaldian. Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak jaso du, Jon Iñaki Zarraga Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariaren eskutik. Asier Muniategi Euskadiko liburu azoken koordinatzaileak adierazi duenez, azken 90 urteotan euskararen alde egindako lanagatik eman diote saria Euskaltzaindiari.
Erakundearen izenean eskertu du saria euskaltzainburuak, "Euskaltzaindian egiten den lana, lan kolektiboa baita". Bere esanetan, Euskaltzaindiak beti hartu du kontuan liburuak eta era guztietako argitalpenak plazaratzea: "Ohiko liburuak ez ezik, bestelakoak ere argitaratu eta argitaratzen ditu Akademiak, euskal kulturaren sostengurako behar-beharrezkoak direlako". Bestalde, teknologia berrien arloan Akademia egiten ari den lana nabarmendu du Andres Urrutiak.
Amaitzeko, Euskaltzaindiaren izaera kolektiboa azpimarratu nahi izan du, berriro ere, "proiektuen atzean pertsonak baitaude". Eta izenak aipatzekotan, hauek ekarri ditu gogora: Ricardo Badiola Akademiaren Argitalpen Zerbitzuko arduraduna, Jon Artza Salmenten arduraduna eta Juanjo Zearreta Euskaltzaindiaren kudeatzailea izan zena.