Ekainaren 2an, Euskaltzaindiaren egoitzan, Babeli gorazarre liburua aurkeztu zuen Patxi Baztarrikak. Ekitaldia Bilboko Udalak antolatu zuen. Egilearekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburua, Bernat Joan i Mari Kataluniako Hizkuntza Politikako idazkari nagusia eta Ana de Castro Bilboko Udaleko Euskara zinegotzia izan ziren.
Liburua argitaratu duen Alberdania argitaletxeak dioenez, "Informazio eta komunikazioaren aro honetan, egileak "bidezko eta eragingarritzat" definitzen duen hizkuntza politika baten edukia eta eginkizun nagusiak aztertzen ditu saiakera honetan, beti ere kohesio soziala helburu nagusi duen kultura politikoaren ikuspegitik. Azterketaren eremuak hiru maila nagusitan banaturik datoz: Europa, Espainiako Estatua eta Euskadi".