Karmelo Etxenagusia ohorezko euskaltzain eta Bilboko gotzain laguntzailea izan zenari omenaldia egin zioten larunbatean, apirilaren 24an, Iurretan, Euskaltzale egunaren barruan. Gerediaga Elkarteak eta Iurretako Udalak antolatutako omenaldi honetan, Euskaltzaindia, Labayru ikastegia, Bilboko Elizbarrutia eta Iurretako Kofradiak laguntzaile izan ziren.
Ekitaldian hauek mintzatu ziren: Nerea Mugika Gerediagako elkarteko presidentea, Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea, Angel Mari Unzueta Bilboko Bikario Nagusia, Igone Etxebarria Labayru ikastegiaren kidea, Adolfo Arejita euskaltzain osoa eta Karmele Etxenagusia Karmelo zenaren iloba. Iurretako dantzariek eta Koruak ere parte hartu zuten. Omenaldian Andres Urrutia euskaltzainburua, Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiaren diruzaina, Gorka Aulestia eta Ander Manterola ohorezko euskaltzainak eta Juan Manuel Etxebarria euskaltzain urgazlea izan ziren.