Euskera agerkariaren Interneteko hemerotekan hobekuntzak burutu ditu Euskaltzaindiak, eta testu libreko bilatzailea gehitu.
Webgunean instalatutako testu osoko bilatzailea erabiliz, baliabide berria gehitu da Euskera agerkariaren hemerotekan.
Izenburua, egilea eta urtea izan dira, orain arte, bilaketa-eremuak. Orain, hauetaz gain, artikuluen barruko edukietan testuak aurkitzeko aukera eskaintzen du "Testu osoko bilaketa" izeneko atal berriak. Testu osoko bilaketa hori testu lematizatuen gainean egiten da eta artikuluen izenburu, egile eta antzekoak kontuan hartzen ditu bilaketan.
Behin artikuluak topatuta, lortutako emaitzak aukeratu eta dosier batean bil daitezke, eta gero, posta elektronikoz bidali.
Euskera agerkaria Euskaltzaindiaren aldizkari ofiziala da eta 1919tik hasita argitaratzen da, bi etenekin: 1938-1952 eta 1954-1955. Akademiaren lan eta agiriak jasotzen ditu eta, orobat, hainbat egileren artikulu eta txosten akademikoak.