Martxoaren 25ean Getxoko izenak. Aldeetxe eta leku izenak liburua aurkeztu zen Getxon. Liburua Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenaren emaitza da eta Mikel Gorrotxategi Akademiaren Onomastika batzordeko idazkariak egin du, hasiera batean Iratxe Lasa batzordekidearen laguntza izan zuelarik. Aurkezpena Gorrotxategik berak egin zuen, Imanol Landa Getxoko alkatearekin batera.
2008an Getxoko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, herriko toponimia sendotzeko. Hitzarmenaren arabera, Getxoko leku-izenak liburutik abiatuta, Akademiaren Onomastika batzordeak sarrerak gainbegiratu eta osatu behar zituen, azalpen historiko eta etimologikoak emanez. Orain argitaratu den edizio honetan alde didaktikoari eman zaio lehentasuna eta argazkiz eta mapaz hornitu da; gaztelerazko bertsioa ere sartu da liburu berean. Erraz irakurtzeko moduko liburua egiten saiatu da egilea. Aipu literalak eta dokumentuen zehaztasunak geroago argitaratuko den CDan eskuragarri izango dira.
Mikel Gorrotxategi: "Getxoko izenak" liburuaren aurkezpena 61,87 Kb