Jardunaldiaren barruan, jendaurrean aurkeztu dira gaurtik aurrera Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai egongo diren bi tresna lexikal berriak: Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia.
Lexikoaren Behatokia egitasmoak ikerketarako eta kontsultarako testu-corpus bat prestatzea du oinarrizko lana, etiketatua eta linguistikoki anotatua. Corpus hori osatzeko, Akademiak hitzarmenak sinatu ditu zenbait komunikabiderekin -Berria, EITB, Argia eta Deiarekin- hauek egunero argitaratzen dituzten euskarazko testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jar ditzaten. Gaurko aurkezpenean, Joan Mari Larrarte EKTko kontseilari ordezkaria -Berriaren izenenean- eta Berdaitz Goia Komunikazio Biziagoa S.A.L. enpresaren kudeatzailea -Argiarenean- izan dira. Haiek azaldu dutenaren arabera, pozgarria da Akademiak beraiek egiten duten lana aintzat hartzea, "horrek elkarlana suposatzen duelako; guri -gaineratu dute- denborarik gabe lan egitea tokatzen zaigu askotan, bidegileak gara, eta Euskaltzaindiak gure lana kontuan hartzen duela ikustea poztekoa da."
Lexiko Behatokiaren egitasmoa UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa Taldearekin garatzen ari da Akademia.
Gaur egun, hiztegia aztertzeko eta lan arauemailea egiteko, corpusetan oinarritu behar da, eta halaxe egin du Euskaltzaindiak azken urteotan. Testu klasikoak Orotariko Euskal Hiztegiaren corpusean ditu bilduta eta XX. mendeko lagin aski adierazgarria XX. mendeko corpus estatistikoan. Bi iturri horiek izan dira Hiztegi Batua egiteko oinarri nagusiak.
Hizkuntzaren bilakaera hurbiletik jarraitu beharra dago, hitz eta adierazmolde berriak ezagutzeko, arauak zenbateraino betetzen edo urratzen diren jakiteko, eta arauak hori guztia ezagututa finkatzeko, eta baita hizkuntzaren erabilera sakonago ezagutzeko, gramatika edo estilistika aldetik, erregistro desberdinen ezaugarriak aztertzeko edo ikuspegi soziolinguistikotik ikertzeko nahiz edukien ideologia, historia, etab. aztertzeko.
Horrek guztiak corpusgintzan lanean jarraitzea eskatzen du. Horretarako, Euskaltzaindiak Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa jarri du abian. Komunikabideek argitaratzen duten edo aireratzeko idazten duten materialarekin corpus monitore bat eraikitzea da helburua, hau da, hizkuntzaren erabilera hurbiletik jarraitzea ahalbidetuko duen corpus bat elikatzen eta automatikoki lematizatzen eta etiketatzen joatea.
Esan bezala, corpus hori osatzeko hainbat eremu jorratu ditu Euskaltzaindiak, batez ere hedabideak. Asmoa du Akademiak komunikabide gehiagorekin ere bide bera lantzea.
2009. urtearen bukaeran 4.000.000 testu-hitz zeuzkan corpusak eta urtean-urtean handituz joango da.