Horiek horrela, jardunaldiaren barruan, jendaurrean aurkeztu dira gaurtik aurrera Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai egongo diren bi tresna lexikal berriak: Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia.
Andoni Sagarna Euskaltzaindiaren Iker sailburuak azaldu bezala, Hiztegi Batuko forma bakoitza erabakitzeko erabili den dokumentazioaren berri ematen duen datu-base bat da Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta internet bidez edonork kontsultatu ahal izango du.
Hiztegi Batua landu denean egin diren txostenak, iritzi-emaileek edo euskaltzain osoek egin dituzten oharrak eta hartu diren erabakien zergatiak gordeta dauzkan datu-basea kontsulta daiteke HBO izeneko gune honetan. Bide beretik, Euskaltzaindiak hartutako erabaki lexikalen ibilbidea eskaintzen da bere osotasunean, baliabide berri honen bitartez.
Horrela, osatuta geratu da Euskaltzaindiaren webgunean Hiztegi Batuaren inguruko informazio guztia: Orotariko Euskal Hiztegiaren bertsio digitala, XX. mendeko corpus estatistikoa, Hiztegi Batua bera eta honen azpian HBO, orain arte hartu diren erabakien inguruko dokumentazio guztia biltzen duena. Era horretan hobeto ulertuko da erabaki den forma bakoitzaren zergatia.