Martxoaren 5ean, Baionako IKER ikerketa-gunearen egoitzan, Beñat Oihartzabal euskaltzain osoa omendua izan zen, "euskalaritzan eginiko lanagatik". Omenaldian, Ricardo Etxeparek, Joseba Lakarrak eta Ricardo Gomezek argitaratu duten Beñat Oihartzabali gorazarre - Festschrift for Bernard Oyharçabal omenaldi-liburua eman zioten.
Liburu hori Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" (ASJU) aldizkariaren zenbaki berezi gisa atera da. Bertan hirurogeita hamahiru egilek parte hartu dute, berrogeita hamazazpi artikulu idatziz, euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez. Egileen artean hainbat euskaltzain oso eta urgazle daude.