Gau eta egun liburu artean murgilduta bizi garenontzat (eta hau literalki ulertu behar da kasu batzuetan) galdera oinarrizkoa izaten da liburu horien egileei buruz, haien bizitza eta lanei buruz, zerbait jakitea, edo ezer interesgarririk jakitera iristea, bitxia, are txundigarri edo aztoragarria bada, hobe. Kasurik gehienetan idazleak, hots, literatoak, izaten dira gure kuriositatearen biktima nagusiak, edota inoiz edo beste antzeko estatusa duten bestelako egile batzuk, alegia, saiakera egileak (pentsalariak, zientzilariak...) normalki intelektual gisa sailkatu ohi ditugunak. Baina nora iritsiko ginateke gure kuriositatea horietako multzo zehatz batean pausatuko balitz, adibidez, filologoen baitan?