Gaur, otsailaren 10ean, Euskaltzaindiaren egoitzan, urte bateko iraupena izango duen lankidetza-hitzarmena sinatu dute Deia egunkariak eta Akademiak. Deia-ren izenean, Iñigo Camino egunkaria argitaratzen duen Editorial Iparraguirreren zuzendariak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Horiekin batera, Jon Goikoetxea Deia egunkariaren Marketin zuzendaria, Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiaren diruzaina eta Pello Telleria Akademiaren idazkariordea izan dira.
Hitzarmen horren ondorioz, besteren artean, Deia egunkariak 2.000. urtetik hona ekoiztu dituen euskarazko testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan.
Gaur sinatutako hitzarmenak bi erakundeen arteko elkarlana sendotzea du helburu, bereziki euskararen normalizazioari buruzko proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarritako arauak zabaltzeko euren barnean zabaltzeko eta komunikabideen bidez egoki plazaratzeko.
Hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:
- Editorial Iparraguirrek eta Euskaltzaindiak elkarri bere ikerketa-ondareak erabiltzeko aukera emango diote eta, bereziki, euren artxibategi eta bibliotekak erabiltzeko aukera.
- Euskaltzaindiak erantzuna emango die Editorial Iparraguirrek egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, onomastikari -batez ere toponimia alorrean- ortografiari eta, oro har, euskararen araugintzaren beste zenbait gairi buruzkoak direnean.
- Argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira.
- Editorial Iparraguirrek, Deia egunkariak 2.000. urtetik hona ekoiztu dituen euskarazko testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan. Egitasmo honek ikerketarako testu-corpus etiketatu eta linguistikoki antolatu bat prestatzea du oinarrizko lana eta UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatuko du Akademiak.