Gaur, urtarrilaren 12an, Iruñean egindako prentsaurrekoan, "Mugarik gabeko telebista" izeneko kanpaina aurkeztu dute Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak, Kontseiluak eta Acció Cultural del País Valenciàk. Kanpainak Euskal Telebista Nafarroan ikusten jarraitzea du helburu nagusia eta horretarako herritarren sinadurak bilduko dira aipatu hiru erakundeon bulegoetan. Sinatzeko epea otsailaren 25ean amaituko da.
Euskaltzaindiaren izenean, Andres Iñigo Jagon sailburua eta Akademiaren Nafarroako ordezkaria izan da gaurko aurkezpenean. Harekin batera, Jose Mari Velez de Mendizabal izan da, Eusko Ikaskuntzaren izenean, eta Xabier Mendiguren Kontseiluarenean. Toni Gisbert Acció Cultural del País Valencià-ren ordezkaria ere mintzatu da, bere esperientziaren berri emanez, gaur Euskal Herrian aurkeztu den kanpaina 2007an jarri baitzen abian Herrialde Valentziarrean.