Eta pena da, benetan, euskararen ikerketaren alde hainbat lan egindakoa izanik, hain oharkabean pasatzea. Zeren nahikoa da aipagai dugun liburuari begiratu azkar bat ematea munta eta maila handiko ikerle baten aurrean gaudela ikusteko, haren mundu intelektuala gurea den mundutxo ia-ia beti halabeharrez txiki honetatik aski arrotz eta aski desgaraiko sentitzen badugu ere, Uhlenbecken munduak benetan mundu osoa hartzen zuelako, eta gureak, aldiz, gure etxeko txokoa eta beste lau gauzatxo, eta hortik aurrera ezer gutxi. Baina ekin diezaiogun albiste emate ordenatuago bati.
Aipagai dugun liburua Canadian Journal of Netherlandic Studies aldizkariko zenbaki bat da, monografikoki C.C. Uhlenbeck hizkuntzalariaren bizitza eta lanak aztertzeari dedikatua. Inge Geene eta Jan Paul Hinrichs dira edizioaz eta hitzaurreaz arduratu direnak, baina orotara hamar artikulu eta bi aurkibide (pertsonak eta hizkuntzak) ditu, zazpi ikerleren eskutik. Artikulu guztiak ingelesez daude, lehena salbu, nederlanderaz, zeinetan Jan Paul Hinrich-ek Uhlenbeck-en gaztaroaz diharduen. Egia esan, aldizkariaren izenburuari erreparatuta (Netherlandic Studies) inpresioa hartzen da derrigorrezko kuota bat betetzen ari dela, hala nola egiten duten euskararekin gure inguruko beste aldizkari asko.
Uhlenbeck-en bizitza biziki interesgarria begitandu zait niri. Holandan jaioa, gaztetatik agertu zuen letretarako aiherra eta, honela, hemezortzi urte besterik ez zuela poema liburu bat argitaratu zuen, nederlanderaz; pena da, zinez, gai hori tratatzen duen artikulua nederlanderaz idatzita egotea, jakingarria bailitzateke Cornelius gaztea bere jatorrizko giroan kokatzeko.
Giro horretan, hain juxtu ere, eta gazte-gazterik, izan zuen euskararen berri eta maitemindu zen osotoro gure hizkuntzaz, bizi osoa iraun zion pasioa. Hari dedikatu nahi izan zion bere doktorego tesia, Unibertsitatearen debekuaren ondoren (ez zegoen inor Leiden-en mota horretako lan bat epaitzeko) sanskritoaren azterketara zuzendu zuelarik. Eta jada baditugu mahaigainean hiru elementu aipagarri: poesia, euskara, sanskritoa. Ondorioa ezin ageriagoa da 1866an jaio zen gazte batentzat: erromantizismoaren oldarra positibismoaren metodoarekin ezkondu nahi izango duen hizkuntzalari baten aurrean gaude, hala nola, gure inguruan, estriktoki haren garaikideak diren Azkue, Unamuno, Sabino Arana edo, apur bat urruntxoago, baina oso antzera, Menéndez Pidal. Jatorrizko elementu horien konbinazioak, noski, emaitza desberdinak eman ohi ditu, kasuan kasu.
Uhlenbecken emaitza dezente aldenduko da aipatu ditugun beste guztietatik: politikak ez dirudi erakarpenik izan zuenik berarentzat; nederlandera bera ez zuen inoiz ikergaitzat hartu eta gaztetako poema horiek gaztetako pekatu gisa pasatu ziren (Pidalen kasuan bezala, adibidez). Euskararenganako grinak betirako iraun zion, baina hizkuntzalari profesional gisa unibertsitatean karrera bat egitera beharturik, beste hizkuntza batzuen ikerketarekin partekatu behar izan zuen. Lehenengo eta behin, sanskritoa, baina berehala agertu zuen hizkuntza exotikoak ikasteko eta ikertzeko grina: bereziki Groenlandiakoa(k) eta Ipar Amerikako indioenak, eta horien artean Black Foot deitu herriarena (hots, Hollywoodeko filmetan hainbeste eta hainbestetan ikusi ditugun lautada handietako Oin Beltzak). Nago euskara, sanskritoa, groenlandiera eta oin-beltzera-ren artean sakoneko konexio bat dagoela, haren gaztetako poemetan bilatu beharrekoa ziur aski. Kasualitatea ote hitz horiek hain oihartzun azkarra izatea Bernardo Atxagaren edo Joseba Sarrionandiaren literaturgintza ezagutzen duen edonorentzat ?
Ezin gara luzatu hemen artikulu bakoitzaren iruzkinean (ikus aurkibidea hemen). Teknikoki, Peter Bakker-ek Uhlenbeck eta euskara gaiari dedikatzen diona da interesgarriena euskal filologoarentzat, baina hura besterik ez irakurtzea, nire uste apalean, Uhlenbeck-en irudi lehorregi bat izatera kondenatzea da. Ona izan daiteke, gutxienez, Jan Noordegraaf-ek haren oinarri teorikoei dedikatzen dionarekin konbinatzea, zeinetan bete-betean kokatzen duen berak Humboldtiar tradizioa deitzen duenarekin. Humboldt, Euskal Herriari buruz serioki hitz egiten hasita etengabe agertzen zaigun erreferentzia handia eta itzalezina.
Noordegraaf-ek, bere artikuluan, bitan banatzen du Europako hizkuntzalaritzaren tradizioak XX. mende hasieran, bata, humboldtiarra, energeia hitzaren inguruan antolatzen dena (hots, hizkuntza energeia gisa) eta bestea, Saussure-ri segituz sistema hitzaren inguruan antolatzen dena; bigarrena argi eta garbi nagusitzeak esplikatzen du, hein baten, hizkuntzalari humboldtiarrek pairatu duten marginazioa eta ahanztura; halaber, Humboldten asmo antropologikoak (jakina denez, harentzat hizkuntzalaritza antropologiaren atal bat zen funtsean) esplikatzen du primeran Uhlenbeck bezalako ikerle batek hizkuntza baten ikerketa herri baten manifestazio kulturalen osotasun banaezinaren baitan kokatu nahi izatea: oin-beltzera, lehenengo eta behin, herri baten hizkuntza da, hots, osotasun baten zati bat. Hortik Amerikara egin zituen bi bisitetan tribu horretako kideekin izandako bizipenak eta haien kontakizuna, Mary Eggermont-Molenaarrek artikulu batean (eta orain komentatzeko astirik ez dugun liburu berezi batean, Montana 1911 a professor and his wife among the Blackfeet, 2005) hain ederki berpiztua. Eta abar. Baina beude honela gure komentarioak.
Ez dugu aipatu gabe utziko ikerketa hauen iturrian paper garrantzitsua jokatu dutela Azkue Bibliotekan zaintzen dugun Uhlenbeck-en gutuneriak, Lacombe Artxiboan dagoena, zeinaren jabea Olaso Dorrea Sorrerakundea den; orobat, Euskaltzaindiaren artxiboan bertan dauden beste zenbait gutunek.
Liburu eredugarri hau irakurtzean ezin burutik kendu zein ederra litzatekeen urtero horrelakoren bat ateratzea euskal hizkuntzalari edota, zentzu zabalean, intelektualei buruz argitaratu ahal izatea.
C.C. Uhlenbeck (1866-1951): a linguist revisited / edited by Inge Genee and Jan Paul Hinrichs. -- Windsor, Ontario: Basil D. Kingstone , 2008
214 orr. : il. ; 23 cm. -- (Canadan Journal of Netherlandic studies, ISSN 0225-0500 ; 29, 2 (fall 2008)