Abenduaren 18an, Bilbon egin zuen osoko batzarrean, Euskaltzaindiak gogoan izan zuen Juanjo Zearreta euskaltzain urgazle eta Akademiaren kudeatzailea izan zena. Euskaltzainak eta langileak bertan zeudela, Andres Urrutia euskaltzainburuak Juanjo Zearretaren omenez hitz batzuk esan zituen, eta haren erretratua eman zien emazteari eta bi semeei.
Juanjo Zearreta azaroaren 7an hil zen, auto-istripuz. Istripua gertatu zenean Bermeotik etxera zihoan, Alakrana atunontziaren bahiketa bukatzeko eskatzeko egin zen elkarretaratzean parte hartu eta gero.