Abenduaren 14an, Augustin Zubikarai. Herri euskararen zaindaria (1914-2004) liburua aurkeztu zen Euskaltzaindiaren egoitzan. Liburua Ana Urkiza idazleak idatzi du, eta Elkar argitaletxeak publikatu du. Ondarroako Udalaren eskariz gauzatu da.
Liburuan Augustin Zubikarai idazle eta ohorezko euskaltzainaren bizitza kontatzen du Ana Urkizak, hiru aro bereizi dituelarik: 1936ko gerraurrekoa, gerra, eta gerraostea. Liburuaren azken partean kronologia eta bibliografia ere ageri dira. Ana Urkizarekin batera, aurkezpenean hauek izan ziren: Andres Urrutia euskaltzainburua -berea da liburuaren hitzaurrea-, Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura ahalduna, Felix Aranbarri Ondarroako gestoraren burua eta Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxearen editorea.