Arau horrek euskal hitzen ahoskeraz dihardu, eta ez du ezer zehazten kanpoko leku-izenen ahoskerari buruz. Ikus-entzunezko komunikabideetan eta hezkuntzan maiz ateratzen dira kanpoko leku-izenak, eta haiek ahoskatzeko orduan zalantzak izaten dira. Adibidez, Sarajevo nola ahoskatu behar da? Gaztelaniaz traje hitzeko -je- silaba bezala ala euskaraz jelostu hitzeko -je- silaba bezala?. Eta Astrakhan nola? astrakan? astrajan? astrayan? Edo Zürich nola ahoskatu? zuritx? zurij? tzuritx? tzurij?... Ba ote dakite Hego Euskal Herriko euskaldunek nola ahoskatu behar duten Nîmesko katedrala euskara zainduan? Ba ote dakite Ipar Euskal Herriko euskaldunek nola ahoskatu behar duten Argentina euskara zainduan?
Exonomastika batzordeak landu du proposamena, eta Euskaltzaindiak gomendio gisa onartu du, helburu honekin: irrati-telebistetako berri-emanaldietan, jendaurreko hitzaldietan, eskolako azalpenetan eta haien antzeko egoera formaletan euskara batuan aritzean, kanpoko leku-izenak ahoskatzeko erabili beharreko irizpide orokor nagusiak finkatzea.
Gomendioa oinarri nagusiak baino ez ditu ematen, eta ez hizkuntza guztietakoak, jakina. Gure inguruko hizkuntza batzuk baino ez dira aztertu: alemana, ingelesa, frantsesa, gaztelania, italiera, katalana eta portugesa.
Exonomastika batzordeko burua eta idazkaria