Euskaltzaindiak Euskera 2008, 3 liburua kaleratu berri du. Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da eta hiru zenbaki argitaratzen dira urtero. Horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Akademiaren lana eta bizitza akademikoa biltzen dituzte, eta bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta liburu aipamenak jasotzen ditu beren-beregi.
Euskaltzaindiaren batzar-agiri, erabaki, irizpen, sari, argitalpen eta adierazpenez gain, liburu honetan, besteak beste, ondoko gaiak jaso dira: 2008an, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak antolatu zuen ´´Toponimia Administrazioaren eguneroko jardunean´´ izeneko ikastaroa (Patxi Galé, Andres Iñigo, Felix Mugurutza, Jose Luis Lizundia eta Mikel Gorrotxategiren txostenak jaso dira).
Bestalde, Euskaltzaindiaren XIII. Jardunaldien aktak publikatzen dira zenbaki honetan. Jardunaldi hauek "Euskara, kontsumoa eta hizkuntza eskubideak" izenburupean burutu ziren. Andres Iñigo, Erramun Baxok, Patxi Juaristi, Sagrario Aleman, Jean-Baptiste Coyos, Erramun Osa, Andres Urrutia eta Jordi Anguera izan ziren Jardunaldietako hizlariak.
´´Toponimia Administrazioaren eguneroko jardunean´´ izeneko ikastaroari dagokionez, 2008ko urrian burutu zen Durangon, eta hauxe izan zen bere helburua: administrazio ezberdinetako euskara eta kultura sailetako langileei, eta euskalgintza zein kulturgintzako bestelako entitate edota taldeei toponimiaren gaia nola landu behar den azaltzea eta erakustea.
Bestetik, Euskaltzaindiaren XIII. Jagon Jardunaldiak "Euskara, kontsumoa eta hizkuntza eskubideak" izenburupean egin ziren Bilbon, 2008ko azaroan. Bertan, besteak beste, Euskal Herriko kontsumoaren munduan euskarak duen presentzia azaldu zen, eta presentzia hori indarberritzeko asmoz onartu berri zen Dekretuaren nondik norakoa aztertu zen.
Henrike Knörr, Xabier Diharce "Iratzeder", Karmelo Etxenagusia, Jose Ignazio Telletxea Idigoras, Jacques Etcheverry eta Milagros Bidegain euskaltzain oso, ohorezko eta urgazleen hilberri-txostenak ere argitaratzen dira liburuan.
Liburuaren aurkibidea 243,94 Kb
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.