Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Jagon sailburuak lagundurik, Miquel Grosek berak aurkeztu zuen bere liburua. Berak azaldu bezala, lan honetan 1981etik hona Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen garapenak egin duen bidea erakutsi du. Ezagutza mailan eman den aurrerapauso esanguratsua aitortuta, hizkuntza baten berreskurapenak gainditu behar dituen trabak azaleratzen ditu bertan.
Abagune horretan, eta Europa eta Espainiaren eremuan agerikoa den hizkuntza-aniztasuna kontuan hartuta, Miquel Grosek Espainiar Gobernuaren hizkuntza politika eskatzen du, estatu mailakoa, Espainia herrialde eleanitza dela behingoz aitortuz: "Honez gero, belaunaldi oso batek demokrazia bizi izan duelarik, garaia du Espainiak Estatu mailako Hizkuntza-Politika sendoa abiatzeko, epe erdi eta luzera hizkuntzen garapena bermatuko duena".
Andres Iñigok adierazi zuen bezala, Mikel Grosek "euskararen egoera Europako hizkuntza gutxituen artean kokatzen du. Eta aitortzen du azkeneko urteetan hizkuntza horien artean aurrerapausorik nabarmenena euskarak egin duela, Euskal Autonomia Erkidegoan hain zuzen ere. Hala ere, argi adierazten du euskararen errekuperazioa eta normalizazioa ezin dela Euskadiko gizartearen borondate soilean oinarritu, ez eta irakaskuntzan lortzen den euskara jakite soilera mugatu ere".
"Normalizazioa lortzea -gaineratu zuen euskaltzainak- euskara biziaren harreman guztietarako tresna izatea da eta xede hori erdiesteko egileak nahitaezkotzat jotzen du Estatuaren hizkuntza politika berri baten beharra. Politika horrek Estatuko hizkuntza guztiak errespetatzeaz gain, horien guztien planifikazio eragingarria ere antolatu beharko luke. Izan ere, hizkuntza aniztasunaren ondarea Estatuaren beraren ondarea baita, eta hala delako berari dagokio baliabide egokiak ezarriz babestu eta sustatzea. Hala dio Konstituzioak, bai eta Gobernuak berak 1992an onartu eta 2001ean berretsitako Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak ere."
Ondoren, Miquel Grosek hartu zuen hitza. Bere liburuaren helburua aipatzeaz gain -"lan honen helburu xumea izan da Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan euskarak izan duen eboluzioa erakustea, hizkuntza-lanei ekarpen txiki bat egitea"- lan hau burutzeko erabili duen metologiaz mintzatu zen.
Gainditu beharrreko oztopoak
Hala, bere liburuak Europako eta Espainiako errealitate eleanitzaren azterketa du abiapuntu. Bigarrenik, "ahal izan dudan modurik objektiboenean, euskararen garapena erakusten saiatu naiz, baita etorkizuna aurreikusten ere". 1981etik hona egindako erroldak hartu ditu oinarri, bertan jasotako emaitzak biltzeko. Bere ustez, "euskara, hizkuntza baten berreskurapenaren eredu ezin hobea da, gizartearen babes zabala duelako, eta ezagutza gorakada esanguratsua izan duelako".
Haatik, egin beharreko bidea luzea da oraindik. Izan ere, "emaitzok etorkizun itxaropentsua erakusten badigute ere, ezin ahantz genezake hizkuntza gutxituek gainditu beharreko oztopoak asko eta oso handiak direna". Ildo horri jarraikiz, hauxe esan zuen Grosek: "Ezin zaie hizkuntza gutxituen erabiltzaileei agindu normalizazioaren lana; egunez egun, eta legeen indarrez, eredu elebakarra indartzen ari bada". Beraz, azpimarratu zuen berriro, "Estatu mailako Hizkuntza-Politika sendoa beharrezkoa da".
Kataluniako ikerleak jarraipena eman dio, modu honetan, duela bi urte Nafarroako egoera soziolinguistikoari buruz aurkeztutako lanari -2007an, Recuperación del euskera en Navarra liburua publikatu zuen, Euskaltzaindiaren eskutik-. Eta beldur da hirugarren parte egiterik izango ez duen, Iparraldeari eskainitakoa, "Frantziako administrazioak ez baitu baimendu hizkuntzei buruz inolako azterketarik egitea errolda-galdeketatan. 2011.eko datorren deialdian posible izango ahal da!"
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.