Gaur, abenduaren 4an, goizeko 11:00etan, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, El euskera en la Comunidad Autónoma Vasca (2009). Una aproximación a la diversidad lingüística liburua aurkeztuko du Euskaltzaindiak. Liburua Akademiak argitaratzen duen "Jagon" bildumaren 8. zenbakia da eta Miquel Gros i Lladós abokatu eta soziolinguista katalanak idatzi du.
2007an, Miquel Gros i Lladósek Recuperación del euskera en Navarra liburua publikatu zuen, Euskaltzaindiaren eskutik. El euskera en la Comunidad Autónoma Vasca (2009). Una aproximación a la diversidad lingüística liburuan, Nafarroako lanaren ildoari jarraituz, Miquel Grosek 1981etik hona Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen garapenak egin duen bidea erakusten du. Ezagutza mailan eman den aurrerapauso esanguratsua aitortuta, hizkuntza baten berreskurapenak gainditu behar dituen trabak azaleratzen ditu liburuak.