Kepa Altonaga euskaltzain urgazle eta idazleak jaso du Pamiela argitaletxeak ematen duen Juan Zelaia saria, Darwin geurean lanagatik. Epaimahaikideek esandakoaren arabera, Altonagak "gure aroan oraindik ere, eta berriz ere, puri-purian dagoen gaiak euskal munduan izaniko eragina aztertuz ongi dokumentaturiko lana jakinduriaz eta gaitasun handiz garatu du. Bertan, Darwinen teoria azaldu zenez geroztik XX. mendeko erdialdera arte, berri eta aurkikuntza interesgarriz beteriko bidaia erakargarria proposatzen da, mailako dibulgazio zientifikoan eta gai horri buruz erreferentzial izanen den lana burutuz".
Kepa Altonagak, Joseba Intxausti Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioko ordezkariaren eskutik jaso zuen saria, azaroaren 26an. Pamiela argitaletxeak lana argitaratuko du datorren urtean.