Jean-Louis Davant euskaltzain oso eta idazleak jasoko du Nabarralde elkarteak sortu berri duen izen bereko saria. Elkartearen esanetan, Nabarralde saria, "gure hurbilean lanean kementsu ari direnak txalotu eta ahaleginak ezagutzera eman nahian" sortu da. Davant, saria jasoko duen lehen pertsona, "ibilbide aberatseko gizona da, idazle oparoa, kulturan jantzia inor baino hobeki. Davant baino hoberik ez da sari hauei hastapena emateko: historian jakitun, euskaltzain oso, idazle aberats, irakasle, kultur munduan arduratsu".
"Lan eta irakurketa interesgarrien egile da -gaineratzen du Nabarraldek- eta haren mintzaldiek merezi dute beti ikuslegoaren arreta osoa, ez baitu hitz bakar bat ere hutsalki esanen. Iparraldetik gogoz ari da beti lanean, herri honen historia eta memoriaren kontzientziaren alde ongi idatzi du ausarki".
Saria abenduaren 3an -Nafarroaren eta Euskararen Egunean- emango diote Davanti, 13:00etan, Getariako Udaletxeko atarian.