Jon Kortazar euskaltzain urgazle eta idazleak Bizkaiko Foru Aldundiaren Lauaxeta Saria jasoko du. Saria Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak emango dio, abenduaren 2an, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira egingo den ekitaldian.
Bizkaiko Foru Aldundiak Kortazarren ibilibidea azpimarratu nahi izan du "idazle, saiogile eta literatura kritikari gisa". Gainera, Aldundiak dioenez, lan handia egin du EHUko Euskal Literatura katedran, "eta Europa eta Amerikako zenbait unibertsitatetan irakasle aritu da".
Sariaren bidez, "publikoki aintzat hartu nahi dira gure hizkuntza eta euskal kultura sustatu, hedatu eta normalizatzeko lanetan egindako ahaleginengatik nabarmentzen diren pertsona, talde eta erakundeak. Esteban Urkiaga ("Lauaxeta" ezizenez ezagunagoa) idazle euskaldunaren izena darama sariak, eta hala beraren figura unibertsala aldarrikatzen da".