Azaroaren 20an, Akademiaren Sustapen batzordeak antolatuak, XIV. Jagon Jardunaldiak egin zituen Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan, "Etorkinak eta euskara" gaiaren inguruan. Jardunaldi hauek egiteko, Unesco Etxea eta Deustuko Unibertsitatearen Euskal Gaien Institutua laguntzaile izan zituen Akademiak.
Goizean eta arratsaldean egin ziren jardunaldi hauetan, zazpi hitzaldi eman zituzten zortzi adituk. Amaieran, ondorioak irakurri zituen Sagrario Aleman Sustapen batzordeko buruak. Bere ondoan zirela, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Erramun Osa batzordeko idazkariak eskerrak eman zizkieten parte hartu zutenei, bai eta entzule izan zirenei ere.