Gaur, azaroaren 20an, Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak antolatuak, "Etorkinak eta euskara" izeneko Jagon Jardunaldiak, hamalaugarrenak, egin ditu Akademiak, Unesco Etxearen eta Deustuko Unibertsitatearen Euskal Gaien Institutuaren laguntzarekin.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Sagrario Aleman Sustapen batzordeko buruak zabaldu dituzte Jardunaldiak. Hala, ongi etorria emateaz gain, ekimen hone xedea azaldu dute biek. Sagrario Alemanen esanetan, "etorkinekin lanean ari diren edota honetan adituak diren pertsonak ekarri ditugu, eta horien bitartez ikusiko dugu Euskal Herrian gizartea nola aldatu den, eta orain bizi dugun eleaniztasunak nola eragin dezakeen hizkuntza nagusiaren eta gutxituaren arteko harreman gatazkatsu horretan".
Horiek horrela, besteak beste, etorkinak Ipar Euskal Herrian helduen euskalduntzean duen indarra azaldu da; etorkinen etorrerak euskararen estatusa eta hedapena berriro irudikatzeko ematen duen parada mahai gainean jarri da; etorkinen eskubideak errespetatzeko hartu beharreko neurriez mintzatu da; Sakanako, Markinako eta eskolako esperientzien berri eman da; edota hezkuntzako sistema eleaniztuna ezagutzeko aukera izan da.
Hitzaldi guztien laburpenak Plazaberrin argitaratu dira jadanik. Datozen egunotan osorik plazaratuko dira hemen bertan.