Azaroaren 20an, ostiralean, Patxi Zabaleta euskaltzain osoak Bizi! poema liburu berria aurkeztu zuen, Euskaltzaindiaren Iruñeko ordezkaritzan. 36 olerkiz osatutako lan hau bere bizitzan kaleratzen duen hirugarren poesia liburua da eta Pamiela argitaletxearen eskutik plazaratu du. Aurkezpenean Jose Angel Irigarai idazle eta euskaltzain urgazlea izan zen, Pamielaren izenean.
Argitaletxeak honela aurkeztu du liburua: "Gaitegi zabala bezain unibertsala digu aurkezten Zabaletak, bere betiko kezken erakusgarri. Maitasuna eta herria, eta hauen ondoan poesia bera ere. Etsipenetik bide datorren baikortasun tonu batez, humanismo klasikoaren jabe zaigu agertzen leitzarra, gizakiaren kezkak, beldurrak eta sentimenduak oragarri. Bigarren Nafarroadari buruz aunitz gauza dio Zabaletak aski argigarri aintzin solasean. Euskal poesia epikoaz egiten duen hausnarketa eztabaidagarrian kokatu nahi du bere lana, eta bere ekoizpen osoa hartuta aisa ikusten da bide horretatik datorkigula".