Interneten eta teknologia berrien bidez euskararen erabilera sustatzea helburu nagusia duen egitasmo berri bat jaio da: Azkue Fundazioa. Euskaltzaindia da Fundazio berri horren Patronatua osatzen duten bost erakundeetako bat, beste laurak hauek direlarik: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Deustuko Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea. Fundazioaren leloa "Euskara sarean josten" da eta atzo, azaroaren 4an, aurkeztu zen Bilbon, Euskalduna jauregian.
Fundazioaren sustatzaileek adierazi bezala, "berrikuntzaren bidetik joko duen 2.0 proiektu bat da eta horretarako, teknologia berriak erabili eta landuko ditu. Irekia, partehartzailea eta bizia izango da Azkue Fundazioa, creative commons filosofia jarraitu eta bultzatuko duena. Hainbat egitasmo sustatuko ditu Fundazioak, alde batetik dagoeneko sarean jada dauden ekimenak bultzatuz eta bestetik, aplikazio, zerbitzu eta lanabes berriak abian jarriz".
Euskara, teknologia berriak eta kultura uztartzeko eta gizarteratzeko jaioa da Azkue Fundazioa, Andres Urrutia euskaltzaiburuaren aburuz. Horretara dator Euskaltzaindiaren presentzia Patronatuan: "Bateko, euskara bera, Euskaltzaindiaren zereginetan lehena; eta, besteko, teknologia berriak, garaian garaiko baliabideak erabiliz, eduki desberdinak plazaratzeko eta agerian uzteko.
Fundazioak bultzatuko dituen egitasmoen artean, hauek daude: Wiki Plaza, Jakintza librea, Jklik (ikas materiala), Kaixo Frankie!, XUXEN Bizkaieraz, Euskararen Interpretazio Zentroa, Mediategia, Unibertsitate liburutegia, Geurea jaso eta zabalduz! eta Euskara bidaiari. Azkue Fundazioaren zuzendari kudeatzailea Rodrigo Gartzia Azurmendi da.