Urriaren 31n, Foruan, egin zen Joan Mari Torrealdairen sarrera-ekitaldia. Torrealdaik "Bibliografiatik bibliotekara. Esperantzari leihoa" izenburuko hitzaldia eman zuen, eta Jose Antonio Arana Martijak eman zion erantzuna, "Alexandriatik digitalizaziora" hitzaldiarekin.
Ekitaldia Foruko Frantziskotarren elizan egin zen. Mahaiburuan hauek eseri ziren: Igor Duñabeitia alkatea eta Andres Urrutia euskaltzainburua. Mahaiaren alde batean Euskaltzaindiaren Zuzendaritzako kideak ziren, eta beste aldean gainerako euskaltzainak.
Juanjo Zearreta Euskaltzaindiaren kudeatzaileak aurkezpena egin ostean, alkateak ongi etorria eman zien bertan ziren guztiei, eta Andres Urrutiak agur-hitzak esan zituen. Ondoren, Xabier Kintanak ekitaldi akademikoaren nondik-norakoak azaldu zituen. Miren Azkarate -aurkezleetariko bat- eta Joseba Lakarra -sarrera egin zuen azken euskaltzaina- joan ziren Joan Mari Torrealdairen bila eta batzar-tokira ekarri zuten.
Torrealdairen eta Arana Martijaren hitzaldiak entzun eta gero, euskaltzain berriak Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela agindu zuen, eta ondoren euskaltzainburuak diploma eta domina eman zizkion Foruko euskaltzainari, eta euskaltzain guztiek zoriondu zuten.
Ekitaldi akademikoa amaitutzat emanez, oparien unea heldu zen. Lau opari jaso zituen Joan Mari Torrealdaik: Udalak, Urdaibai Dantza Taldeak, Usurbilko lagunek eta Torrealdai-Nabea familiak emandakoak.
Andres Urrutiaren hitzak 30,90 Kb
Igor Duñabeitiaren hitzak 31,21 Kb