Euskaltzaindiaren argitalpenak DILVE-n aurki daitezke jadanik. DILVE Espainiar Estatuko Editoreen Elkarteetako Federazioak eskaintzen duen eta Internetera bideraturiko zerbitzu bat da. Zehatzago esanda, salgai dauden liburuak on-line kontsultatzeko doako informazio-sistema bat. Behin erregistratuz gero, profesional guztien eskura dago: idazleak, argitaletxeak, liburudendak, banatzaileak...
Euskaltzaindia Euskadiko Editoreen Elkarteko kide izanik -iragan uztailean sartu zen elkarte honetan- DILVE-n onartua izan zen irailaren amaieran. Albistea jaso ostean Akademiak bere argitalpen guztien zehaztasunak sartu zituen DILVE-ren datu-basean eta une honetan oinarrizko datuak erabiltzailearen esku daude. Publikatu ahala, Euskaltzaindiak argitalpen guztien berri emango du elkarte horren webgunean.