Istorio laburren bidez, Akademiaren berri emateko modu arin eta atsegina. Horixe da Euskaltzaindia, Ekin eta Jarrai liburuaren xedea, Joan Mari Torrealdai euskaltzain osoak eta Imanol Uria kazetariak -biak ditugu lanaren egileak- gaur adierazi dutenez, Euskaltzaindiaren egoitzan egin duten aurkezpenean. Andres Urrutia euskaltzainburua izan dute alboan, baita Zuzendaritzako kideak ere. Liburua Akademiaren 90. urteurrenaren harira argitaratu du Euskaltzaindiak, "urteurrenean Euskaltzaindiak eskaini izan du testigantza baita", euskaltzainburuaren esanetan.
Euskaltzaindia, Ekin eta Jarrai liburua Akademiaren argazki bat da, Torrealdaik esan duen arabera, "argazki bilduma bat, sekuentzia luze bat". Ez da ikerketa bat, ezta Euskaltzaindiaren historia ofiziala ere. Liburua hainbat galderari erantzuteko ahaleginaren emaitza da -zer da Euskaltzaindia, zer egin duen orain arte, zer egiten ari da orain eta zer egiteko asmoa du hemendik aurrera- eta horretarako egileek "garai era toki desberdinetan harrapatu dugu Euskaltzaindia, eta horrela kokatu dugu historian, euskararen historian eta bere historia propioan".
Kazetarien lana, eta ez historialariena. Torrealdaik eta Uriak informazio ugari ematen dute liburuan, bai testuen bidez, baita ilustrazio eta dokumentuen bitartez ere. "Ilustrazioak -azaldu dute- ez dira apaingarriak, dokumentu guztiak irakurtzeko moduan ageri dira, informatiboak dira beraz, eta horietariko asko argitaragabeak dira".
Euskaltzaindiaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzatzen den liburu honetan hainbat atal nagusi daude: Historian; Euskaltzainak; Batzordeak, Egitasmoak eta Lantaldeak; 90 urte ekin jarraituan; eta Eremu urriko hizkuntzen akademiak. Elkarrizketak ere badaude: Andres Urrutia euskaltzainburuarengandik hasita, Zuzendaritzako kide guztiei -Beñat Oihartzabal, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Andoni Sagarna eta Andres Iñigori- ematen die ahotsa. Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiaren lekukotza ere jaso da.
Batzorde, egitasmo eta lantaldeen berri ere ematen da liburuan. Atal hau Imanol Muruak landu du eta, berak azaldu duenez, "Euskaltzaindiak zer egin duen, eta zer egiten ari den orain, azaldu dugu. Batzorde, egitasmo eta lantaldeetako arduradunei hitza emateko ahalegin berezia egin dugu, beraien ahotik azal zezaten lan guztien nondik norakoa".
Bestalde, euskaltzainei arreta berezia eskaintzen die liburuak. Euskaltzain guzti-guztien berri ageri da, izan diren eta direnek beren lekua daukate. Guztira, 88 euskaltzain oso, 82 ohorezko eta 315 urgazle. Euskaltzain osoak, hilak eta biziak, argazki eta fitxarekin ageri dira.
Azken kapituluan, eremu urriko beste hizkuntza akademiei buruzko berriak jaso dira.
Esan bezala, ez da Euskaltzaindiaren historia ofiziala, "hori egiteke dago, eta egiteko une aproposa 100 urte betetzen dituenean izan daiteke". Bada, ordea, Akademiaren argazki zehatza. Torrealdaik eta Muruak "askatasun osoz" egin dutena, "nahi izan duguna, nahi izan dugun moduan egin dugulako".
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.