Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke. Urriaren 9an, Gipuzkoako Foru Aldundian egin zen Euskaltzaindiaren 90. urteurrenaren amaierako ekitaldian iragarri zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak: "Ekitaldi honetan aukera ezin hobea dut Euskaltzaindiaren webgunean denon esku jarri dugun lan historiko eta garrantzitsua aurkezteko, hain justu ere, Koldo Mitxelena zenaren Orotariko Euskal Hiztegia".
Orotariko Euskal Hiztegia sarean jartzeko, paperezko edizioaren prestaketan erabili ziren datutegiak oinarri hartu, eta Internet bidezko zabalkunderako bi bertsio prestatu dira: bata, PDF formatuan, testu jarraitu moduan ordenagailura jaits daitekeena, eta bestea, web bidez, sarrera nagusiak bilatzeko aukera eskaintzen duena.
Orotariko Euskal Hiztegiak euskararen aro eta euskalki guztietako lexikoa jaso eta antolatzea du xede. 1987an argitaratu zen paperean lehen liburukia eta 2005ean azkena, hamaseigarrena. Orain Euskaltzaindiak sarean eskaintzen duena hiztegiaren oinarrizko bertsio elektronikoa da eta Creative Commons lizentziapeanbanatzen da.
Bertsio hau, argitalpen elektronikoaren lehen urratsa izatea nahi luke Euskaltzaindiak eta, gerora, hiztegiaren egituratze-maila osatuagoa lortzea helburu izango duen proiektuaren abiapuntua.