"Euskaltzaindiak laurogeita hamar urte bete ditu. Era-erara dator, beraz, aldizkaria gure ospakizunetara. Harago doa, alabaina, ahalegin hau, Euskaltzaindiak nahi duelako present egon euskal kulturaren eremuan, modu aktibo eta esanguratsuan. Erlea aldizkaria da horren erakusle. Lehen-lehena, ez bakarra, gaur eta bihar ikusiko duzuen bezala." Horrela adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak bere poza, Akademiaren poza, Erlea argitaratzen den unean, "badudalako, badugulako, esparantza bat: aldizkariak bere bidea egingo duela munduan zehar, eta hain zuzen ere hortara datoz Euskaltzaindiaren zina eta konpromisoak".
Bere ondoan, Bernado Atxaga ere pozik agertu da, eta aldizkariaren ezaugarri nagusiak ezagutzera eman ditu, gustura eman ere. Aldizkariaren egituraz mintzatu da, baita bere ezaugarri nagusiez ere, eta proba bat dela ere esan du: "Euskaldunok muga bat gainditu dugu, badugu gune sendo bat, euskal literatura sustazeko gutxienezko irakurle kopuru bat; orain erremediorik gabe, aurrera joan behar dugu". Aurrera joateko ahalegin horretan, Erleak ere lagundu nahi du. Gaurtik aurrera, kalean da.
Erlea aldizkariaren goiburuaren azpian hauxe irakur daiteke: "1.700en aldizkaria". Bernardo Atxagak hori ere adierazi du: "Gure gogoa 1.700 ale atera eta 1.700 erosle izatea baita. Eta ez da gutxi, euskal literatura deitzen dugun honetan".
Aldizkariaren atalez hitz egiteaz gain -Erlearen izarra "Urrezko liburutegia" atala izango da, bere ustez- zenbaki bakoitzak "atmosfera" berezia izango duela esan du: "Honen atmosfera Far-West-ekoa da, Mendebalde Urrunekoa, eta horko testu eta argazki ugari daude. Lau hilabetez behin argitaratzen den aldizkari bat -gaineratu du- ia-ia liburu bat da, eta horregatik unibertso bat izen behar du, osotasun bat. Honen zenbakiarena Mendebalde Urrunekoa da, eta hurrengo hiru zenbakiena Irlanda, Afrika eta Suetzia, hurrenez hurren."
Lehen zenbaki honetan parte hartzen dutenen zerrenda oparoa da: Kolesti Agirresarobe, Kepa Altonaga, Pablo Antoñana, Jon Arano, Aurelia Arkotxa, Joxean Artze, Mikel Asurmendi, Jon Aurre, Marisol Bastida, Frank Bergon, Harkaitz Cano, William Douglass, Irati Elorrieta, Miel A. Elustondo, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Asun Garikano, Jacinto Iturbe, Joxemari Iturralde, Koldo Izagirre, Xabier Kintana, Mariasun Landa, Monique Laxalt, Bruce Laxalt, Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Karlos Linazasoro, Ania Miner, Víctor Moreno, Toño Muro, Mari Jose Olaziregi, Lourdes Otaegi, Gloria Totoricagüena, Kirmen Uribe, Andres Urrutia, Gabriel Urza Laxalt, Justin Webster eta Iban Zaldua.