Bihar, irailaren 25ean, Euskaltzaindia eta Nafarroa izeneko liburuxka aurkeztuko du Euskaltzaindiak Etxarri Aranatzen, bertoko Kultura Etxean. Aurkezpena Andres Urrutia euskaltzainburuak egingo du, Nafarroa Oinez dela eta, Etxarri Aranatzen egingo den ageriko ekitaldian. Ekitaldi hori Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolarekin batera antolatu du Euskaltzaindiak eta arratsaldeko 18:00etan hasiko da.
Euskaltzaindia eta Nafarroa liburuxkak Euskaltzaindiak Nafarroan egin eta egiten dituen ekitaldien berri ematen du eta euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da. Honako atalak ditu:
- Harreman instituzionalak eta hitzarmenak: Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala, Euskalerria Irratia, Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
- Euskaltzaindiaren biltzarrak, bilerak eta ekitaldiak Nafarroan: nazioarteko biltzarrak, omenaldiak, mendeurrenak, sarrera hitzaldiak, Nafarroa Oinez dela eta egin diren ekitaldiak.
- Nafarroako euskaltzainak: Nafarroako euskaltzain oso, ohorezko eta urgazleen zerrenda ageri da, bai hil direnak, bai eta gaur egungoak ere sartu direlarik.
- Argitalpenak: Nafarroarekin lotura estua duten argitalpenen berri ematen da.