Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere Nafarroa Oinez festarekin bat egin du Euskaltzaindiak. Irailaren 25ean, Etxarri Aranatzen, zenbait ekitaldi egin zituen Akademiak. Aurtengo Oinez Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak antolatzen du, Txikiak handi izenburupean.
Goizean, Akademiaren Euskararen Historia Soziala egitasmoaren jarraipen batzordeak eta Sustapen batzordeak euren lan-bilerak egin zituzten Etxarri Aranazko Udaletxean. Arratsaldean, aldiz, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak Andra Mari ikastolan egin zuen bilera.
Eguerdian, Andra Mari Ikastola bisitatu zuten euskaltzainek eta batzordekideek. Han, ikastolako haurrek Nafarroa Oinezen kanta eskaini zieten.
Iluntzean, ageriko ekitaldia egin zuten Akademiak eta Andra Mari ikastolak. Muxi Mariñelarena ikastolako zuzendariak hasiera eman zion ekitaldiari, eta ondoren Jose Luis Erdozia -Sakanako hitzekin jolasean-, Pello Urzelai -Jose Mari Satrustegi gogoan-, Andres Iñigo -Santiago Ezkerra "Lizarrusti". Bizitza eta lanak liburua aurkezteko- eta Andres Urrutia -Euskaltzaindia eta Nafarroa liburuxka aurkezteko- mintzatu ziren.
Azkenean, Maite Mendizabal Ezkerra Santiago Ezkerraren lobak hartu zuen hitza, eskerrak emateko bere osabaren omenezko liburuaren argitalpenagatik. "Eskerrak Euskaltzaindiari -esan zuen-, Andres Iñigo egileari, liburu honetan ere lan egin duen Gema Insaustiri, eta eskerrak baita ere osabari, bera izan baita eredu guretzako, eta ikasteko bidea".
Ekitaldiaren erdian, bai eta amaieran ere, Etxarri Aranazko Abesbatzaren kideek kantatu zuten.
Gaur hona ekartzen ditugu Muxi Mariñelarenaren eta Andres Urrutiaren hitzak. Ondoko egunotan beste hizlarienak ere argitaratuko ditugu.
Muxi Mariñelarena zuzendariaren hitzak 31,24 Kb
Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzak 42,42 Kb