Pako Aristiren Josu Dukatiren proposamena antzerki-lana argitaratu berri da. Lan honek, Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Fundazioak antolatutako Toribio Altzaga Literatur Saria eskuratu zuen 2008an. Sariaren epaimahaikideak hauek izan ziren: Eugenio Arozena, Daniel Landart eta Patri Urkizu.
Atxiloketa batekin hasten da obra: Ertzaintzak ETAko buruzagi bat atzeman du. Galdeketa gelan daude. Bi gizonak aspaldiko ezagunak dira: institutu garaian ikaskideak ziren, eta lagunak. Biak neska berberaz maiteminduta ere bazeuden. Institutua amaitutakoan haien bideak bereiztu egin ziren. Biek hartu zituzten armak: batek legearen alde, besteak legearen aurka.
Pako Aristi
Urrestillan jaioa 1963an. Idazlea, gidoilaria, kazetaritzan lizentziatua eta musika ikasketak egina. 1985ean agertu zen euskal literaturaren panoraman, hiru liburuokin: Kcappo eleberria, Martinellok ez du kukurik entzuten haur literaturan eta Euskal kantagintza berria saiakera periodistikoan.
Geroztik liburu asko argitaratu ditu. Urregilearen orduak nobelarekin Espainiako Kritika saria jaso zuen 1999an. Gauza txikien liburua obrarekin, berriz, Beterriko Liburua saria 2005ean.
Poesia argitaratu du: Castletown, Oherako hitzak eta Libreta horiko poemak. Hainbat biografia ere idatzi ditu: Gelatxo, Soinuaren bidaia amaigabea, Nire uztapide edota Kontxu Odriozola.
Bi aldiz jaso du Rikardo Arregi kazetaritza saria, 1992an eta 1993an, urteko erreportairik onenak baloratuz.
Mikel Markez kantariarekin batera, Euskal Herri osoan ibili da bere testuak irakurtzen.
Josu dukatiren proposamena liburua eskuratzeko sakatu hemen