Argia Zeruko Argia zenean ezagutu nuen Mikel Atxaga, Francoren diktadurak azken ostikada bortitzak ematen zituen garaian. Euskalgintzako gizon argi bat iruditu zitzaidan. Urte zailak ziren eremu horretan genbiltzan askorentzat, baina, Mikelek argiro ikusi zuen aldizkariaren norabidea, hots, euskarak gure hizkuntza nazionala izan behar baldin bazuen, batasuna behar zuela eta ez dialektalismoa. Disgustu bat baino gehiago jasan behar izan zituen hori zela eta, baita adiskide edota lagun batzuen haserrea ere.
1975eko ekainaren 27an Euskaltzandiak erabaki zuen komunikabide alorreko jendea hartu behar zuela bere baitan eta hala izendatu zituen zenbait euskaltzain urgazle berri, tartean, Mikel Atxaga. Esan dezadan, bidenabar, Euskararen Akademiaren eginkizun, ekitaldi eta lanetan laguntzaile eta jarraitzaile aparta zela.
Herri gizon bezala politikan ere busti zen. ESEI alderdi sozialdemokratako kide izan zela uste dut eta haren izenean 1979.ko udal eta foru hauteskundeetan Euskadiko Ezkerreko zerrendetan aurkeztu. Alderdi txiki horren iraupena laburra izan zen, berea laburragoa, oker ez banago oraindik eta EAJ/PNVra pasatu zen eta gainontzeko urteak jeltzale zintzo izan dela baieztatu didate. Bere abertzaletasuna ez zuela alderdikeriaz eramaten zin dagit, hain zuzen, nire ageriko bizitza politiko aktiboa utzi nuenean, begirunezko komentarioak Ardantza Lehendakariaren aurrean egin zituen, baita Deia egunkarian idatzi ere. Are gehiago, Deian bertan, nire izena aipatu gabe, kargu garrantzitsu baterako egokia nintzela gomendatu ere. Ez zioten, nonbait, aintzakotzat hartu. Eskerrak eman nizkion Mikeli.
Euskalgintzan zer egin duen Mikelek ez dut hemen azaltzeko lekurik, uste dut bere biobibliografian argi nabari dela. Euskal kazetaritzan, euskarazkoan, alegia, gorengo maila eman duela, batez ere Zeruko Argia eta Deiako bere emaitza oparoan. Euskaltzaindikoa hitz bitan labur bildu dut. Jaurlaritzan, Euskara Aholku Batzordean eta Bidegileak bildumaren zuzendaritzan ere ezagutu nuen, azkeneko honetan, besteak beste, Jesus Mari Leizazola Lehendakari eta euskaltzain ohorezko izandakoaren omenezko "Bidegilea" niri enkargatu zidalako. Elkar lanerako adeitsua zen, eskatzeko ere.
Jose Luis Lizundia, euskaltzaina
(Artikulu hau Deia egunkarian argitaratu zen, 2009ko irailaren 12an)