Urriaren 10ean eta 11n, Xalbador eta Antonio Zavala lemapean, Urepelen egingo da 2009ko Xalbador Eguna. Musika, bertso edota herri kirolen bidez -besteak beste, Erramun Martikorena, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Amets Arzallus izango dira- berriro ere Xalbadorren itzalak euskara eta euskal kulturaren aldarrikapena ekarriko du Urepelera. Aurten, gainera, Deiadarra elkartearekin batera, Euskaltzaindiak ere antolatzen du eguna, aurreko urteotako elkarlanean urrats bat aurrera egin duelarik. Andoni Sagarna Euskaltzaindiaren Iker sailburuaren esanetan, "ez bakarrik euskararen aldetik, euskal izaeraren aldetik ere, Xalbador ezinbesteko erreferentzia da, eta horregatik Euskaltzaindia hor izatea behar-beharrezkoagoa da".
Sagarnarekin batera, Itxaro Bethart Deiadarra elkartearen izenean, Joxemari Iriondo, hasieratik Xalbador Egunaren antolakuntzan ibilitakoa, eta Joakin Berasategi Sendoa-ren ordezkaria izan dira aurkezpenean. Haiek azaldu dituzte 2009ko Xalbador Egunaren xehetasunak, gaur goizean Donostian egindako prentsaurrekoan. Arratsaldean, aldiz, beste aurkezpena egin da, Baionan, eta bertan, Iriondo eta Bethartekin batera, Txomin Peillen euskaltzain emeritua izan da, Akademiaren izenean.
Hasteko, aurtengo lemaz mintzatu da Joxemari Iriondo: "Nahiz eta jende askok ez jakin, Antonio Zavalak eta Xalbadorrek lan asko egiten zuten elkarrekin, oso harreman estu, luze era handia izan zuten euren artean". Esan duen bezala, Bordari eta Joxemari Aranalderekin batera, Antonio Zavala askotan joan zen Urepelera, bertsolariarekin hitz egitera, liburuen probak zuzentzera, kontsultak egitera...
Hain zuzen ere, Iriondok aipatutako Joxemari Aranalde zena gogora ekarri du Itxaro Bethartek, beren-beregi, "Aranalderen eraginez, eta berari esker antolatu baitgenuen Deiadarra taldea eta Xalbador Eguna". Bere hitzetan, egun hori "euskararen festa izatea nahi dugu, gure nortasuna erakusteko modu bat, eta Ipar Euskal Herrian ere bizirik gaudela esateko modu bat".
Hauxe izango da 2009ko Xalbador Egunaren egitaraua:
Urriaren 10ean, larunbata:
- 19:00: Gipuzkoako gazte talde baten errezitala Xalbador dutela gai.
- 21:00: lagunarteko afaria, kantariek alaiturik: Erramun Martikorrena eta Xendarineko ahizpak.
Urriaren 11n, igandea:
- 09:30: Xalbadorren etxolara mendi ibilaldia, etxola eta Urepele ezagutzeko.
- 10:30: Meza, nahi dutenentzat eta Xalbadorren hilobira bisita.
- Goiz guztian zehar argazki zaharrarren erakusketa, Urepeleko ezker paretan.
- 12:30: Herri kirolak, zoin gehiagoka Donazaharre (Baxe Nafarroa) eta Mutrikuko (Gipuzkoa) ekipoak. Ikusgarria: sokatira, sega, orga altxatzea eta lasto altxatzea.
- 13:30: Bazkaria, eta herri kantak.
- 15:30: Haurren txokoa, herri kirolak haurrei egokituta.
- 15:30: Bertsu saioa, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Amets Arzallus. Gaiemaile: Joxemari Iriondo.
- 17:30: Erromeria, trikitilariekin.
Amaiatzeko hauxe gogoratu nahi izan dute antolatzaileek: larunbateko afarian edota igandeko bazkarian parte hartu nahi dutenek, telefonoz abisatu beharko dute tokia erreserbatzeko, telefonoz deituz 665707804 edo 0033624332995 zenbakietara, urriaren 5a aintzin.