Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekak eskuratu berri du Pierre Lhanderen Mirentxu nobela italieraz, 1940an argitaratua, Torinon. Societá Editrice Internazionaleren edizioa da, eta L. M. Segálaren frantsesezko liburuaren bertsioa.
Duela bi urte argitaratu zuen Euskaltzaindiak, Jon Casenaveren eskutik, Pierre Lhanderen euskarazko nobela bakarra, Yolanda, aurrez frantsesez argitaratutakoaren euskarazko egokipena, egileak berak egina ("Euskaltzainak" bilduma, 3. zenbakia). Jakina denez, ez da Lhanderen nobela bakarra, ezta ezagunena ere, baina ildo batean kokatzen da ziur aski haren lan arrakastatsuena izan zenarekin, Mirentxu.
Orain, Azkue Bibliotekak Lhanderen Mirentxu italieraz eskuratzeak, hausnarketa soka luzea eman dezake, mahai gainean paratzen baitigu lehendik ere jakinak baina gutxi ezagunak diren kontuak: bata, egungo idazleen kanona ez dela izaten, inondik ere, tokian eta garaian arrakasta handia izan zuten idazleen zerrenda, eta bi, Pierre Lhande zinez idazle arrakastatsua izan zela XX. mendearen lehen erdian, Frantzian bereziki, Europa katolikoan orobat, frantsesezko edizio ugariak eta gaztelaniara edo italierara egin zizkioten itzulpenak lekuko. Gaur hemen aipatzen dugun liburua horren adibidea da.
Gai honekin interesatua denak informazio zabalagoa eta zehatzagoa du Jon Casenaveren aipatu edizioaren hitzaurre jorian. Handik hartuak dira hemengo albisteak eta oharrak. Eta, hortaz gain, Danteren hizkuntzaren musikaltasun berezi horrekin gozatu nahi duenak, Azkue Bibliotekan du aukera berria, hala nola alitzira zabaldutako pasarte honetan:
"In una grigia mattinata di ottobre, Nikazio e Josè Maria si recarono nei campi a cospargere il debbio. Dalla montagna soffiava un forte vento di sud, invece dal mare non si udiva che un ululato continuo come quando il vento turbina fra le rocce. Il due uomini... (109. or.)