Argia aldizkariak eta Euskaltzaindiak urte bateko iraupena izango duen lankidetza-hitzarmena sinatu zuten atzo, uztailaren 22an, Donostian. Hitzarmen horrek, bi erakundeen arteko elkarlana sendotzea du helburu, bereziki euskararen normalizazioari buruzko proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarritako arauak zabaltzeko.
2009. urtean, honela gauzatuko da atzo sinatutako hitzarmena: Argia aldizkariak, 2.000 urtetik hona ekoiztu dituen testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan. Bestalde, Euskaltzaindiak Argiaren urriko lau zenbakietan Euskara Saila babestuko du. Eta, hirugarrenik, Argiak beren-beregi emango du Euskaltzaindiaren 90. urteurrenari buruzko informazioa, batez ere urrian, hil horretan egingo baita Donostian Akademiaren sorrera-ekitaldiaren 90 urte ospatzeko ekitaldia.
Aldizkariaren izenean, Berdaitz Goia Komunikazio Biziagoa S.A.L. Argia argitaratzen duen enpresaren kudeatzaileak sinatu du eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak
Bi erakundeen arteko lankidetza jardueraren abiapuntuak honako hauek dira:
- Argia aldizkariak aitortzen du, hizkuntza gaietan, Euskaltzaindia dela erakunde aholku-emaile ofiziala
- Euskaltzaindiak aitortzen du Argia aldizkariak euskararen eta euskara batuaren hedapenean egiten duen ekarpena.
Hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:
-
Argia aldizkariak eta Euskaltzaindiak elkarri bere ikerketa-ondareak erabiltzeko aukera emango diote eta, bereziki, euren artxibategi eta bibliotekak erabiltzeko aukera.
-
Bereziki, Euskaltzaindiak erantzuna emango die Argia aldizkariak egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, onomastikari -batez ere toponimia alorrean- ortografiari eta, oro har, euskararen araugintzaren beste zenbait gairi buruzkoak direnean.
- Argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira.