Uztailaren 17an, 90. urteurreneko ospakizuna Bilboko egoitzan ospatu dela aprobetxatuz, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekak erakusketa xume bat prestatu du aretoko beira-kutxan, ospakizunak iraun duen bitartean ikusgai egon zedin.
Lau Akademien ordezkariak (Real Academia Española, Real Academia Galega, Institut d'Estudis Catalans eta Euskaltzaindia) bildu direlarik, ondoko ardatzak izan ditu erakusketak:
- Lau Akademien berri ematea
- Euskaratik eta euskarara hizkuntza horietatik egindako itzulpenen berri laburra (toki berezia du Bernardo Atxagaren azken nobelak, Zazpi etxe Frantzian, ia aldi berean lau hizkuntzetan argitaratu baita)
- Antzinako euskal literaturaren berri laburra: Leizarraga, Axular eta Larramendi
- Mapa bat, autonomietako hizkuntzetatik Real Academia Española-n akademikoak izandakoen berri ematen duena.
Eranskin gisa, ikusgai egon diren liburuen zerrenda ekartzen dugu hona.