Uztailaren 17an, Euskaltzaindiaren 90. urteurreneko ospakizun ekitaldia egin zen Bilbon, Akademiaren egoitzan. Real Academia Española, Real Academia Galega eta Institut d´Estudis Catalans-en Secció Filològica erakundeetako ordezkari hauek hartu zituen Euskaltzaindiak: Real Academia Galegako Xosé Ramón Barreiro presidentea eta Manuel González idazkaria; Institut d'Estudis Catalans-eko Secció Filològicaren Joan Martí presidentea eta Isidor Marí presidenteordea; eta Real Academia Españolako Víctor García de la Concha zuzendaria eta Jose Antonio Pascual zuzendariordea.
Ekitaldi akademikoari amaiera emateko, adierazpen bat irakurri zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak, lau Akademien izenean. Ondoren, Euskaltzaindiaren 90. urteurrenako oroigarria eman zien Euskaltzainburuak beste hiru Akademietako ordezkariei (Euskaltzaindiaren logoari buruzko erresinazko eskultura, David Abajok egina). Azkenik, ospakizun ekitaldira joan ziren euskaltzain oso, emeritu, ohorezko eta urgazle guztiek Euskaltzaindiaren ikurra jaso zuten, Zuzendaritzako kideen eskutik.