Uztailaren 17an, Euskaltzaindiaren 90. urteurreneko ospakizun ekitaldia egingo da Bilbon, Akademiaren egoitzan. Egun horretan, Real Academia Española, Real Academia Galega eta Institut d´Estudis Catalans-en Secció Filològica erakundeetako ordezkariak hartuko ditu Euskaltzaindiak, eta eurekin batera ekitaldi akademiko bat burutuko. 90. urteurrena ospatzeaz gain, akademien arteko elkarlana sendotzea du xede ostiralean egingo den ekitaldiak.
Real Academia Galega (RAG) 1906an sortu zen eta galizieraren gramatikaz, ortografiaz eta lexikoaz arduratzen den instituzio ofiziala da. Orohar, galiziera babestu eta sustatzea ditu xede. Xosé Ramón Barreiro da bere presidentea.
Manuel Murguia izan zen Akademiaren lehen presidentea. Rosalia de Castro eta Emilia Pardo Bazan idazleen ekimenak garrantzia handia izan zuen Akademiaren sorreran. Murguiaren ostean, Andres Martinez Salazar izan zen presidentea, baina bat-batean hil zen, eta Francisco Ponte Blancok ordezkatu zuen (1923-1926). Gero etorri ziren Eladio Rodríguez González (1926-1934) eta Manuel Lugrís Freire (1934-1935).
1942etik 1977ra RAG erakundeak ia klandestinitatean ibili behar izan zuen, Francoren diktadura zela eta. Urte horietan guztietan, bi presidente izan zituen Akademiak: Manuel Casás Fernández (1942-1960) eta Sebastián Martínez Risco y Macías (1960-1977).
1997tik hona hauek izan dira erakunde horren presidenteak: Domingo García-Sabell (1977-1997), Francisco Fernández del Riego (1997-2001) eta Xosé Ramón Barreiro Fernández (2001- )
Boletin de la Academia Gallega da agerkari ofiziala, sorreratik bertatik argitaratzen dena.
Urtero, maiatzaren 17an -Rosalia de Castroren Cantares Gallegos argitaratu zen egunaren omenez- Día das Letras Galegas ospatzen du.