Euskaltzaindiak Jagon eta Iker sailetan dauzkan argitalpen digitalen eskaintza berritu eta ugaritu du. Izan ere, gaurtik aurrera, lehendik zeuden lanei beste 36 argitalpen erantsi zaizkie.
Iker Sailari dagokionez, Hiztegigintza arloan Aita Pierre Lhanderen Hiztegia, 1926ko edizioa, azpimarratu behar da.
Gramatikari dagokionez, Resurrección Maria Azkuek 1925ean argitaraturiko Morfologia Vasca da aipagarria.
Dialektologian, Louis Lucien Bonaparte printzeak euskaraz argitaraturiko ia lan guztiak biltzen dituen Opera Omnia Vasconice argitalpena aurki daiteke, faksimil edizioan.
Euskal testu klasikoak deritzan arloan, "Euskararen Lekukoak" bilduma osoa jarri da ikusgai. Euskara eta euskal literaturaren historia ikertzen laguntzeko oinarrizko testuak jasotzen dituen bilduma honetan, idazle euskaldun klasikoen edizio kritikoak argitaratzen ditu Euskaltzaindiak.
Orotara, euskalki desberdinetan argitaraturiko 23 liburu dira, eta besteak beste, hor daude Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae euskarazko lehen liburuari, Patxi Altunak eginiko edizio kritikoa; Joakin Lizarraga Elkanokoaren hainbat liburu: Ongui iltzen laguntzecó itzgaiak eta Urteko igande guztietarako prediku laburrak, Patxi Ondarrak paratuak, eta Doctrina Christioaren Catechima eta Koplak, Juan Apececheak prestatuak; Jusef Egiategiren Lehen Liburia edo filosofo huskaldunaren ekheia, Txomin Peillenek paratua; Athanase Belapeyreren Catechima laburra eta Jesus-Christ goure Ginco Jaunaren eçagutcia, salvatu içateco, Jean-Louis Davantek prestatua.
Joseba Lakarrak prestatutako Refranes y sentencias (1596) Ikerketak eta edizioa; Mendibururen lan argitaragabeak (I eta II), Patxi Altunak landua; Aita Juan Mateo Zabalaren Sermoiak (I eta II), Luis Villasantek prestatua; Frai Bartolome Santa Teresaren Idazlan guztiak (I eta II), Julen Urkizak eta Luis Baraiazarrek landua; Pedro Antonio Añibarroren Gueroco guero (Axularren liburuaren bizkaierazko bertsioa), Blanca Urgellek paratua; edota Aita Agustin Kardaberazen Eusqueraren berri onac, Patxi Altunak eta Esther Zulaikak paratua.
Bestalde, Jagon Sailean, soziolinguistika alorreko lan batzuez landa, euskararen erregistroen trataera lantzen duen Jagon bildumaren 6. zenbakia -Zenbait orientabide erregistroen trataeraz- erabiltzaileen esku jarri da.