Uztailaren 3tik 12ra bitartean, Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina izeneko erakusketa ikusgai dago Donostiako Liburu Azokan, Gipuzkoa Plazan. Erakusketa Euskaltzaindiak sustatzen du eta Akademiaren sorreraren 90. urteurrenean kokatzen da. Azokaren ordutegia: 11:00etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 21:00etara.
Erakusketak Pirinioetako hizkuntzen ezaugarrietako batzuk eta beraien historiaren adierazpen garrantzitsuenetako ak laburbiltzen ditu. Gainera, Europan dauden hizkuntza erromanikoen mapa erakusten da, eta aragoierari, katalanari, okzitanierari eta euskarari buruzko informazio anitza ematen da.
Erakusketa hobeto ulertu ahal izateko gida-liburu bat argitaratu du Euskaltzaindiak, lau hizkuntzatan: euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina erakusketa Iruñeko Baluarten jarri zen ikusgai lehenbiziko aldiz, Euskaltzaindiaren XVI. Biltzarrarekin batera, 2008ko urrian. Ordutik hona 2008ko Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, 2009ko Sarako Euskal Herriko Idazleen XXVI. Biltzarrean eta Bilboko Liburu Azokan ere erakutsi da.