Uztailaren 15, 16 eta 17an, Donostiako Miramar Jauregian, Euskal Herriko Unibertsitatearen 2009ko Udako Ikastaroen barnean, "Gerra Zibila euskal literaturan (1936-2009)" ikastaroa burutuko du Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak. Ekimena Euskal Herriko Unibertsitateak eta Akademiak elkarlanean antolatu dute, eta Lourdes Otaegi Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordekidearen zuzendaritzapean egingo da.
Hizlariak Literatura Ikerketa batzordeko kide hauek izango dira: Jon Kortazar, Ana Toledo, Jean Haritschelhar, Mari Jose Olaziregi, Patri Urkizu, Iratxe Retolaza, Ur Apalategi eta Iñaki Aldekoa.
Horren guztiaren azalpen zabala ematen da jarraian. Bestalde, ikastaroari edukia emango dioten zortzi hitzaldien lerro nagusiak ere ekartzen ditugu hona.
Hiru xede nagusi
Hiru izango dira ikastaroaren xedeak: batetik, Euskal Literaturan Gerra Zibilari buruz mamitzen joan den azterketa egitea; bestetik, diskurtso historiko eta literarioaren arteko harremana aztertzea; eta hirugarrenik, memoria indibidularen eta literaturaren arteko loturaz hausnartzea. Banan-banan azaltzen ditu Literatura Ikerketa batzordearen idazkari den Lourdes Otaegi "Gerra zibila euskal literaturan (1936-2009)" ikastaroaren zuzendariak.
Literatur emaitzari dagokionez, gerraren testuinguru hartan bertan eginiko literatura hartuko da mintzagai, hala prentsa bidez aditzera eman zena -Iparraldean bezala Hegoaldean: Eskualduna, Eusko Deya, Eguna, Euzkadi,...)-, nola garaiko idazleen lanek emandako lekukotza, Iratzeder olerkariarena kasu. Gerraostean zehar mamituz joan den lekukotzaren ezaugarriak ere aztertuko dira.
Bigarrenik, diskurtso historiko eta literarioaren arteko harremanak aztertzeko, historiagileek egindako gerraren interpretazio eta azalpena literaturan islatu denarekin alderatuko da. Gernikako bonbardaketa, edota gerraren ondorioz erbesteratuak izan zirenen inguruko literatura -eleberria, olerkia eta antzerkia- hartuko dira kontuan.
Azkenik, memoria indibidualaren eta literaturaren arteko harremanen inguruko hausnarketa berezitua ere izango da aztergai "Lekukoen memoriatik fikzio literarioaren eraketaraino" deritzan atalean.
Alde honetatik, gerraren oroitzapenaren modulazio eta ezaugarri ezberdinak aztertuko dira: bertako protagonista izan zirenen kontaketak -S. Salaberriaren Neronek tirako nizkin (1964)-, besteren ahotik entzundako memoriakizunak direnean -J.A. Arrietaren Abuztuaren hamabosteko bazkalondoa (1979)- edota bestelako tratamendu fikzionatu baten ekaiak bilakatzen direnean, hala nola Bernardo Atxagaren "Obabako lehen amerikanoa " (Soinujolearen semea, 2004), Behi euskaldun baten memoriak edota Markak (2007) liburuetan nahiz R. Saizarbitoriaren eleberrietan (Bihotz bi, Erein, 1995)-".
Jarraian, hitzaldi guztien laburpenak irakur daitezke.
Uztailaren 15a:
Jon Kortazar: "Gerra zibila euskal kontagintzan" 29,80 Kb
Ana Toledo: "Ixilaldiaren gerraostetik gerrari buruzko autobiografiara" 42,59 Kb
Jean Haritschelhar: "Gerra Zibila: Iparraldeko ikuspegia" 39,59 Kb
Uztailaren 16a:
Mari Jose Olaziregi: · "Gerra zibila eta bere erbesteak euskal literaturan. Deserritik utopiara Ameriketan" 35,64 Kb
Patri Urkizu: "Euskal teatroa Gerra Zibilean eta Gerra Zibila euskal teatroan" 41,21 Kb
Iratxe Retolaza: "Gernikako bonbardaketa euskal literaturan: errepresentazio eta begirada poetikoak" 34,79 Kb
Uztailaren 17a:
Ur Apalategi: "Ramon Saizarbitoriaren Bihotz bi-n: literaltasuna, metafora eta beste zenbait hipotesi" 29,95 Kb
Iñaki Aldekoa: "Gerra Zibila Ramon Saizarbitoriaren narraziogintzan" 30,69 Kb