Unesco Etxearen izenean Ruper Ormaza lehendakariak sinatu du eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Sinatze ekitaldian Itziar Idiazabal Unesco Etxearen lehendakariordea ere izan da.
Bi erakundeen arteko lankidetza jardueraren abiapuntuak honako hauek dira:
- Unesco Etxeak aitortzen du, hizkuntza gaietan, Euskaltzaindia dela erakunde aholku-emaile ofiziala.
-
Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak elkarri aitortzen diote euskararen eta, oro har, munduko hizkuntza-ondarearen ikerguneak izatea. Horregatik, bi erakundeok lankidetza-proiektu zehatzak bideratu eta garatuko dituzte, euskarari, euskal kulturari eta munduko hizkuntza-ondareari buruzko irakaskuntza, ikerketa eta pedagogiaren eremuan.
Hauek dira hitzarmen horren ildo nagusiak:
- Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak elkarri bere ikerketa-ondareak erabiltzeko aukera emango diote eta, bereziki, bere artxibategi eta bibliotekak erabiltzeko aukera.
- Bereziki, Euskaltzaindiak erantzuna emango die Unesco Etxeak egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, toponimiari, onomastikari, ortografiari eta, oro har, euskararen araugintzaren bestelako gaiei buruzkoak direnean.
- Argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira, euskara, euskal kultura eta munduko hizkuntza-ondarearen egoera ikertu, irakatsi eta zabaltzeko arloan.
- Bi erakundeok elkarlanean arituko dira, euren biblioteketako euskal funtsak sendotzeko; horretarako, euron argitalpen funtsetatik, zenbait lan ekarriko dituzte.
- Lankidetza politika bultzatuko dute ikastaroak eta programak sortu eta egin daitezen.
- Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak beren-beregi aitortzen dute Unesco Etxearen barruan lanean ari den Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra. Hala, katedra hori kontuan hartuta, bi erakundeok hainbat egitasmo burutzeko konpromezua hartzen dute.
Hiru urteko iraupena izango duen hitzarmen hau koordinatzeko, Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea eratuko dute, bakoitzak bina ordezkari izango dituelarik.