Nafarroako udal izendegia arautu eta berehala Euskaltzaindiak Plazaberri-ren 72. zenbakian eta bere webgunean zintzilikatu zuen zerrenda osoa, 155. araua dena. Orduz geroztik, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidearen ekimenez, "eremu mistoko" eta "eremu ez euskalduneko" zenbait udal bere euskal izena onartzen joan da eta, honen ondorioz, udal horien izen ofiziala aldatu egin da.
Hori dela eta, Euskaltzaindiari zentzuzko iruditu zitzaion Euskera aldizkarian egin ohi duen arauaren argitalpen ofiziala atzeratzea, izen ofizialetan izandako aldaketa horiek jaso ahal izateko. Hortaz, joan den maiatzaren 29an izandako osoko bilkuran berrikusi eta onartu zuen Euskaltzaindiak eguneratutako zerrenda eta horixe da orain webgunean jarri den 155. araua. Hori bera izanen da berehala Euskera aldizkarian argitara emanen dena ere.
Ikusten ahal den bezala, udalen euskal izenei dagokienez, aldaketa bat bakarra izan da: lehen Lizoainibar zena, 2008ko abenduaz geroztik Lizoainibar-Arriasgoiti da, udalak berak hala erabakita. Izen ofizialei dagokienez, arauaren 1. oin-oharrean azaltzen den bezala, Artzibar eta Erroibar udal izen ofizialetan ohar argigarriak txertatu dira, bai eta Nafarroako Gobernuak 2009ko urtarrilean onartutako erabaki berri guztiak jaso ere. Nolanahi ere, kontuan izan behar da Euskarabideak abian jarritako ekimenak aitzina segitzen duela eta aurrerantzean izen ofizialetan aldaketa gehiago izaten ahal dela.
Horretaz gain, berrikuste honetan eskualdeen inguruko bi zehaztapen egin dira. Alde batetik, lehen eman zen Urraul izenaren ordez Urraul ibarrak ageri da orain, Ameskoa ibarrak izenean bezala, biak egoera berean daudelako. Bertzetik, arauaren 2. oin-oharrean azaltzen da eskualdeen zutabean zein izen txertatu diren, eta amaieran gehitu den "Ohar argigarrian" jaso da zein den izen horien erabilerarako Euskaltzaindiaren gomendioa.