Ekainaren 4an, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak antolatua, "Toponimia gizarteratzea: aukerak eta egindako lana" izeneko ikastaroa egin zen Durangoko Landako Guneko Elkartegian. Ikastaro honen helburua guztiz praktikoa izanik, euskara teknikari batzuk gonbidatu zituen batzordeak hitz egitera, beraien udaletan egindako lana ezagutarazteko. Ikastaroa EUDELen laguntzaz antolatu zen. 76 pertsonak hartu zuten parte.
Ikastaroan parte hartu zutenen hitzak ekartzen ditugu hona.
Ikastaroari, Andres Iñigo Jagon sailburuak eman zion hasiera. Berak azaldu bezala, "Euskaltzaindiaren 90. urteurrenaren ekitaldien barruan Onomastika batzordeak joan den azaroan hemen bertan "Toponimia Administrazioaren eguneroko jardunean" I. ikastaroa antolatu zuen. Helburua egin den eta egiten ari den lanaren ikuspegi orokorra ematea izan zen eta, batik bat, toponimiaren ikerketarako oinarriak, prozedurak, irizpideak eta gizarteratzeko bideak azaltzea".
Hori horrela, "ikastaro hartan banatutako gogobetetasun galdetegian jasotako erantzunak eta hitzaldi bakoitzaren ondotik izandako elkarrizketetan agertutako kezka eta beharrak izan ditugu kontuan II. ikastaro hau antolatzean. Hortaz, ahalik eta saio praktikoena prestatzen saiatu gara. Izenburuan ageri den bezala, "Toponimia gizarteratzea" da gaurko ekitaldiaren xedea".
Egitararauaren inguruko zehaztasunak eman ondoren, eskerrak eman zituen Jagon sailburuak, "azaroan egindako saio hartan bezalaxe gaurkoan ere parte hartzeko interesa agertu duzuen guztiei. Eta eskerrak, bereziki, II. ikastaro honetako antolatzaile eta hizlariei".
"Batzuek -amaitu zuen- bertzeek baino esperientzia gehiago izanen dugu edo duzue lan hauetan, baina argi daukagu inork ez dugula azken soluzioa edo azken hitza; hau, gehienez ere, denon esperientziak ezagutuz eta erkatuz eta denok elkarrengandik ikasiz lortuko baitugu".
Ondoren hasi ziren hitzaldiak.