Maiatzaren 30ean, Arratzun, egin zen Joseba Lakarraren sarrera-ekitaldia. Lakarrak "Aitzineuskara birreraikiaz: zergatik ezkerra?" izenburuko hitzaldia eman zuen, eta Jose Antonio Arana Martijak eman zion erantzuna, "Gabon kantak eta arkaismoen bestelako mintegiak" hitzaldiarekin.
Gaur hona ekartzen ditugu Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzak, bai eta ekitaldian izan ziren beste une batzuk. Argazki batzuk ere honetan argitaratzen ditugu.
Ekitaldia Arratzuko San Tomas elizan egin zen. Mahaiburuan hauek eseri ziren: Josu Sabin Olano alkatea, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Kintana idazkaria.
Juanjo Zearreta Euskaltzaindiaren kudeatzaileak aurkezpena egin ostean, alkateak ongi etorria eman zien bertan ziren guztiei, eta Andres Urrutiak agur-hitzak esan zituen. Ondoren, Xabier Kintanak ekitaldi akademikoaren nondik-norakoak azaldu zituen. Jose Luis Lizundia -aurkezleetariko bat- eta Aurelia Arkotxa -sarrera egin zuen azken euskaltzaina- joan ziren Joseba Lakarraren bila eta batzar-tokira ekarri zuten.
Lakarraren eta Arana Martijaren hitzaldiak entzun eta gero, euskaltzainburuak diploma eta domina eman zizkion Arratzuko euskaltzainari, eta euskaltzain guztiek zoriondu zuten.
Ekitaldi akademikoa amaitutzat emanez, oparien unea heldu zen. Hasteko, Dorleta Alberdi arratzuar, euskaltzain urgazle eta kazetariak, Juan Bautista Bilbao "Batsi" arratzuarraren Hau mundu arrano hau liburuko atal bat irakurri zuen. Ondoren, Joseba Lakarraren eskola-lagunek, auzokoek eta herrikideek, beren-beregi Arratzuko koruan elkartuta, Alberto Lauzirika zuzendari zutela, Maitia nun zira eta Mendian lar artean kantak abestu zituzten.
Beste hiru opari izan ziren: herriaren izenean, Arratzuko alkateak idazlumak eman zizkion Joseba Lakarrari; EHUko Gasteizko Letren Fakultatearen izenean, Kontxi Munilla kudeaketa arduralariak Ines Gonzalez de Zarate eskultorearen "Mendez mende" izeneko eskultura eman zion; eta Fakultate bereko ikerketa-taldeko lankide eta adiskideek Koldo Mitxelena jubilatu zen eguneko agurrean egindako argazki bat eskaini zioten, Blanca Urgellen eskutik.
Andres Urrutiaren hitzak 18,66 Kb
Josu Sabin Olanoren hitzak 4,23 Kb
Dorleta Alberdiren hitzak 40,24 Kb
Maialen Altuna Lakarraren bertsoak 167,76 Kb